Eskola Baratzeen II. Jardunaldiaren balantzea
Urriaren 2an Eskola Baratzeen II. Jardunaldia egin zen Aldabe gizarte etxean, CEAk antolaturik. 60 pertsona inguru joan zen jardunaldira, besteak beste irakasleak, ikasleak eta beste zenbait profesional, bai hezkuntzari lotutakoak bai baratzezaintza ekologikoari lotutakoak.
Lehen saioan, Abetxukuko Inmaculada Concepción ikastetxeko irakasle diren David Hornasek eta José Veladok ikastetxean duten eskola baratzearen proiektua aurkeztu zuten, DBHko 4. mailako 5 ikaslerekin batera. Ikasle horiek Lehen Hezkuntzako lehen ikasturteetatik hartu dute parte baratzean.
Bigarren saioa Montse Escutiak gidatu zuen. Vida Sana elkartearen hezkuntza eta prestakuntza sailaren koordinatzailea da eta "Huerto escolar ecológico" (2009. Ed. Graó) idatzi du Montsek. Eskola baratzearen diseinuaz aritu zen: ikastatxean baratze bat sortzean kontuan izan behar diren alderdi teknikoak eta antolakuntzakoak azaltzeaz gain, lortu beharreko helburuak ere aipatu zituen, eta hainbat adibide eta esperientzia praktiko erakutsi zituen.
Azalpenen ondoren, galderak egiteko eta iritziak trukatzeko unea izan zen. Parte hartzaile guztiek argi ikusi zuten baratzeak balio handia duela eskolako baliabide didaktiko gisa, bai eta topagune gisa eta balioak (talde lana, lankidetza, elkarrekintza, lanen banaketa, etab.) ikasteko toki gisa.
Azkenik, parte hartzaileek Aldabe gizarte etxeko baratze mahaiak eta Landatxoko baratzea bisitatu zituzten.