Eraztun Berdea protagonista da ingurumeneko praktika onen katalogo batean
Eraztun Berdeak jasan duen ingurumen leheneratzea eta erabilera publikora egokitzea lehen lerroan ageri da Tokiko Gobernuen Sareak aurkeztu duen Bioaniztasun Alorreko Praktika Onen Katalogoaren lehen edizioan. Lan honetan Udalek haien udalerrietako bioaniztasuna sustatzeko garatu dituzten ekimen nagusiak bildu dira.
Eraztun Berdearen proiektua habitaten leheneratzera eta babesera zuzendutako proiektuen atalean sartuta dago. Katalogoak Eraztun Berdearen azalera (622 hektarea) eta urtero jasotzen dituen seiehun mila bisitariak nabarmendu ditu, haien ustez honek erakusten baitu udal ekimen honek herritarren partetik eduki duen harrera beroa.
Tokiko Gobernuen Sarea berrehun erakunde baino gehiagok osatzen dute eta herrialde osoko 21 milioi biztanle baino gehiago ordezkatzen ditu. Katalogoaren bidez Eraztun Berdearen helburu nagusietako batzuk nabarmendu ditu, hala nola herritarrek aire zabaleko aisialdiko tokiez egiten duten eskaria asebetetzea, hiri inguruko natur espazioek hezkuntzarako eta interpretaziorako duten potentzial handia probestea, eta herritarrak inplikatzea Vitoria-Gasteizko ingurumen ondarearen babesean.
Gizarte ikuspuntutik, Eraztun Berdearen leheneratzeak hiriko auzo guztien berdegune eskaintza orekatzeko egin duen ekarpena aipatu da.
Bestalde, dokumenduak hiri inguruko espazioen kalitate ekologiko eta paisajistikoaren hobekuntza aipatu du. Diotenez, Salburuko hezeguneen berreskurapena da kasurik nabariena, antzinako hezeguneen hondarrak zirenak ur azpiko 60 hektarea baino gehiago dituzten urmaelen multzo baliotsua bihurtu baitira.
Salburua EAEko hezegune kontinentalen erreferentzia bihurtu da denbora gutxian, bertan habia egiten duten hegazti akuatikoen 200 bikoteei, negua bertan igarotzen duten bi mila aleei eta ur-ipurtats europarra eta baso-igel jauzkaria bezalako intereseko beste animalia batzuei esker. 2002ko irailean Salburuko hezeguneak Ramsarreko nazioarteko hitzarmenean sartu zen eta Natura 2000 sarean Batasunaren Intereseko Leku modura hartu zen.