eues

Albistea

Enplegu Berderako Planak aukera eman du Olarizuko Lorategi Botanikoa eta Eraztun Berdeko zenbait gune hobetzeko

2017ko hasieran jarri zuen abian Enplegu Berderako Plana Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin lankidetzan, eta, guztira, 16 pertsonaren enplegagarritasuna hobetu zuen, pertsona horiek lan hauetan aritu zirelarik: lorezaintza, baratzezaintza, paisajismoa eta berdeguneen mantentzea. Gasteizko udal-barrutikoak izanik, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan zeuden pertsonak gaitu eta kualifikatzeaz gain, nabarmen hobetu ziren esku hartutako lekuetako ingurumen-kalitatea.

Bi izan ziren Enplegu Berderako Planen ekimen nagusiak: batetik, Olarizuko lorategi botanikoaren plana burutu zen, Olarizuko lorategi botanikoko bildumak osatuaz eta Olarizuko baratzeetako instalazioak hobetuz. Lan horiek burutzeko, 9 pertsona kontratatu ziren urtebeterako (arduradun bat eta nekazaritza eta basogintzako 8 peoi). Bestalde, eta Bide Berdeen Planari esker, 7 pertsona (arduradun bat eta basogintzako 6 peoi) lanean aritu ziren sei hilabetez, Gasteizko udalerriko bide berdeen inguruetan paisaiaren egokitzapena eta baso lanak egiten.

Burututako lanen artean, azpimarratzekoak dira honakoak:

  • 5.000 zuhaitz landatzea, hartara Olarizuko lorategi botanikoko bildumak osatuz, eta Gasteizko Eraztun Berdeko zenbait gune zaharberrituz, halako moldean non klimaren aldaketari aurre egiteko estrategiei laguntzeko ere balioko duten.
  • Ibaiertzetako antzinako bideen hobekuntza, Eraztun Berdearen loturak hobetzeko, tartean 450 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatu zirelarik.
  • Jundizen ingurua (A-1 autobidearen ondoan) egokitzeko lanak, PhytoSUDOE proiektuarekin koordinatuta, horren bidez zoruaren kalitatea eta bioaniztasuna hobetzeko.
  • Gasteizko Udalaren Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren laguntza bitarte, 200 m2 inguruko azalera duen putzu artifizial bat egitea, apo lasterkaria (Epidalea calamita) eta beste anfibio batzurentzat ugaltzeko leku ustez egokia. Inguruan 300 landare inguru birlandatuko dira.
  • Olarizuko baratzeak hobetzea eta bertako zenbait gune ekoizpenerako egokitzea, tartean zenbait baratze-landare familien 5 erakusketa-baratze, non lurzorua onik zaintzeko teknikak erakutsiko diren. Guztira, 25 espezie diferente baino gehiago instalatu ziren, bai eta baratzeetako 30 landare barietate ere.

Enplegu Berderako Plana kokatzen da Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak ekonomiaren eta ingurumenaren harremanen bitartez –ekonomia jasangarriaren testuinguruan– sortzen den enplegua sustatzeko zeharkako estrategian, han non bat egiten duten garapen ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, halako moldean non eragiten duten ekonomia-eredu produktibo eta konpetitibo bat, kalitatezko enplegua, aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa sustatzen dituena.

Langile bat lorezaintza lanak egiten

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala