Elikaduraren Munduko Eguna: lurraldekako elikadura sistemen bila

Urtero, urriaren 16an, Elikaduraren Munduko Eguna da. FAOk 1979tik bultzatutako nazioarteko jardunaldia da, 1945ean erakundearen sorrera ospatzeko sortu zuena, eta aurten bere 80. urteurrena izango da. 150 herrialdek baino gehiagok hartzen dute parte urtero data horretan, gosearen eta pobreziaren inguruan jendea kontzientziatzeko eta elikadura- sistema bidezkoagoak, osasungarriagoak eta jasangarriagoak sustatzeko.
Elikaduraren Munduko Eguna lehen aldiz ospatu eta ia mende erdira, adostasun zientifikoa argia da: egungo nekazaritzako elikagaien sistema globala jasangaitza da ingurumenaren zein gizartearen aldetik, ekosistemak hondatzen dituelako, lurzoru emankorraren, biodibertsitatearen eta uraren galera bizkortzen duelako eta elikadura katean desberdintasunak sortzen dituelako.
Neurri handi batean, elikadura globalean nagusi den eredu ekonomikoaren ondorio da hori, prezio lehiakortasunean eta eskala ekonomietan oinarrituta baitago. Sistema horrek produktu merkeak eskuratzea ahalbidetu du, baina ingurumen eta gizarte jasangarritasun ezaren kontura. Testuinguru horretan, tokiko elikadura merkatuak sortu dira alternatiba osagarri gisa, XXI. mendeko erronkekin lerrokatuago dauden beste balio logika batzuei jarraituz.
Tokiko elikagai merkatuen helburua ez da merkatu globalarekin lehiatzea, elkarrekin aritzea baizik, eta erresilientzia, kalitatea eta bertakoa izatearen zentzua ematea. Eredu horrek toki administrazioen konpromiso aktiboa eskatzen du. Toki administrazioek arau berrien araberako esperimentazio esparruak sortu, elikagaien erosketa publikoko politikak sustatu, pizgarri fiskalak eman, lurzoruak eskaini eta tokiko merkaturatzerako laguntza eman ditzakete.
CROPS4LIFE proiektua 2023tik dago abian Gasteizen, eta, hain zuzen ere, helburu horiek lortzeko bidean ari da lanean, nekazaritzako elikagaien eredu birsortzaile eta hurbilekoa sortuz, ekoizpen jasangarria tokiko kontsumoarekin zuzenean lotzeko. Proiektuak honako xedeak ditu: nekazaritza lurzoru degradatuak berreskuratzea, biodibertsitatean eta karbono bahiketan oinarritutako praktika agronomikoak sustatzea, eta nekazaritzako ekintzailetzarako azelerazio egiturak eta merkaturatze bide laburrak bultzatzea tokiko ehun ekonomikoa indartzeko.
Toki administrazioek funtsezko posizioa dute eraldaketa hori bultzatzeko, eta haien inplikazioa estrategikoa da:
- Osasun publikoagatik, elikadura osasuntsuagoa bermatzen baitu sukaldaritza kolektiboko zerbitzuetan eta tokiko eskaintzan.
- Tokiko ekonomiagatik, landa eta hiri inguruneko ekoizpen eta merkataritza sarea sendotuta.
- Nortasunagatik eta gizarte kohesioagatik, elikaduraren jasangarritasuna hiriaren narratibarekin, ingurumen hezkuntzarekin eta turismo arduratsuarekin lotzen delako.
- Ekintza klimatikoagatik, lurzoruen birsorkuntza, karbono bahiketa eta isurketen murrizketa deskarbonizazio estrategietan eta klima aldaketara egokitzeko estrategietan integratzean.
- Berrikuntzagatik eta inbertsioa erakartzeagatik, hiria elikagaien jasangarritasunean erreferente gisa jarriz eta elikadura birsortzaileari lotutako proiektuen, kooperatiben edo ikerketa zentroen instalazioa sustatuz.
Elikaduraren Munduko Egun honetan, mezua argia da: elikadura jasangarritasuna etxean hasten da, gure udalerri eta komunitateetan, eta toki horietan politika publikoak erabakigarriak izan daitezke agortzen ari den sistema baten eta birsortzen ari den sistema baten artean aukeratzeko orduan.