Vitoria-Gasteiz bizikletarentzako munduko 30 hiri onenen artean sartu da Copenhagenize Index 2025 sailkapenean

Gasteiz munduko 30 hiri aurreratuenen artean dago bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez, nazioarteko Copenhagenize Index 2025 sailkapenaren arabera. Arabako hiriburua 27. postuan dago ebaluatutako eta aurrez hautatutako 144 hirien artean, eta zerrendan agertzen den Estatuko lehen hiria da.
Hala, Gasteiz nazioarteko erreferentziazko hirietatik oso gertu dago, hala nola Stockholm (26), Rotterdam (23) eta Zurich (22). Gainera, pisu handiko hirien aurretik agertzen da, hala nola Vancouver (30), Brusela (32), Londres (33), Manchester (34) edo Bartzelona (42). Gasteizek bizikletaren arloan izandako hobekuntza berresten duen albistea da, eta bizikleta bidezko mugikortasunaren munduko mapan kokatzen du.
Copenhagenize Index txostenak azpimarratu du Gasteiz eraldaketa iraunkorra bultzatzen ari diren hirien taldeko kide dela, azpiegitura, segurtasuna, zerbitzuak, plangintza eta herritarren parte-hartzea uztartuz. Bilakaera horri esker, bizikleta joan-etorrietarako eguneroko modu gisa eta bizi kalitaterako tresna gisa normalizatu da. Gogoan izan behar da 2024an Gasteizek Bizikletaren Europako Adierazpenarekin bat egin zuela.
Indizea osatzen duten hiru zutabeetan (azpiegitura, erabilera eta politikak), gure hiriak hirugarrenean lortu du balorazio onena. Oraindik hobekuntzarako tartea dago azpiegiturei dagokienez (alegia, bizikleta bideak eta aparkalekuak) eta bizikletaren erabilerai dagokionez, gaur egun oraindik % 8ko presentzia soilik baitu bizikletak banaketa modalean.
Udalak egun idazten ari den Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planean ezarritako ardatz estrategikoak indartzen jarraituko du: bizikleta sarea zabaltzea, trafikoa baretzea, mugikortasun aktiboa bultzatzea, bide segurtasuna hobetzea eta bizikletaren eguneroko erabilerarekin lagunduko duten zerbitzuak sortzea. Apustu horri esker, Gasteiz nazioarteko erreferentea da mugikortasun jasangarrian, eta aintzatespen berri hau horren emaitza da.