CEAren azterlan batek Gasteizko Eraztun Berdeko zuhaitzen onurak zenbatu ditu
CEAk, Gasteizko Udalaren Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalarekin lankidetzan, Eraztun Berdeko zuhaitzek eragiten dituzten onura anitzen inguruko azterlan bat egin du, horretarako udal inbentarioko datuak eta i-Tree softwarea erabilita. Aurretiaz, zuhaitz horien inbentarioa egin zen, Murgiako BHIren eta Gasteizko Udalaren enplegu-planen laguntzarekin.
2019an jadanik egina zuen azterlan bera CEA Green Labek hiriko zuhaitzekin.
Emaitzak lortu ostean, jarraian ondorio nagusienak aipatzen dira.
Eraztun Berdeko zuhaitzen ezaugarriak
Eraztun Berdearen inbentarioak 267.900 zuhaitz jasotzen ditu guztira, hiru espezie ohikoenak erkametza, artea eta astigar arrunta direlarik. Eraztun Berdeko zuhaitz gehien-gehienak Europakoak dira jatorriz, Arabako autoktonoak.
Eraztun Berdeko zuhaitzen estaldura Eraztuneko azalera osoaren % 19koa da, azalera guztiaren 12,11 km2 estaltzen dituztelarik. Zuhaitz-dentsitatea oso handia da, ia-ia 431 zuhaitzekoa hektarea bakoitzeko.
Eraztun Berdeko zuhaitzen estaldura
Eraztun Berdeko zuhaitzen hosto-azalera 12,11 km2-koa da, gutxi gorabehera. Astigarra, astigar zuria eta ezkia dira hosto-azalera handieneko zuhaitzak, nahiz ez diren ugarienak. Horrenbestez, masa berde handiak ditugu, zeinetan gas-trukea gertatzen den (esaterako, CO2), bai eta hosto-azalera handia zenbait kutsagarri desagerrarazteko.
Karbonoa biltegiratzea eta bahitzea
Gauza jakina da klimaren aldaketaren arrazoi nagusienetako bat berotegi-efektuko gas kopuruaren hazkuntza dela. Gas horietako asko modu naturalean jaurtitzen dira atmosferara, baina azken urteotako kontzentrazio-hazkuntza antropogenikoa da batez ere. CO2 da atmosferan dagoen berotegi-efektuko gas nagusienetakoa; azken urteotako metaketa handia erregai fosilen errekuntza edo konbustioari zor zaio.
Zuhaitzek CO2 erabiltzen dute hazteko, karbonoa beren ehunetan finkatzen dutelarik. Atmosferako CO2 kopurua murrizteko zeregin garrantzitsu horretan, bahitze deitzen zaio urteko finkatze-tasari (urteko karbono tonatan neurtzen da) eta biltegiratze zuhaitzak bizirik den urteetan metatuko duen karbono kopuruari (karbono tonatan neurtzen da). Eraztun Berdeko zuhaitzak 775,7 tona garbi karbono bahitzen dute urteko (artea da bahitzeko gaitasun handieneko zuhaitza); estimatzen da guztira 116.00 tona karbono biltegiratzen dutela, makala delarik karbono-kopuru gehien gordetzen duena. Zuhaitzean biltegiratutako karbonoa hortxe geratzen da zuhaitzak bizirik iraun bitartean; hil ostean berriro atmosferara askatu daiteke karbono hori guztia. Horrenbestez, zuhaitzak bizirik iraunaraziz gero, karbonoak gordeta jarraituko du, eta azkenean zurari emango zaion erabileraren arabera karbono gehiago edo gutxiago askatuko da atmosferara.
Aireko kutsadura desagerraraztea
Atmosferako CO2 kopurua murrizteaz gain, zuhaitzek garbitu egien dute airea, gas kutsagarriak eta giza-osasunarentzat, ekosistemen funtzionamenduarentzat eta horiek baitan hartzen dituzten elementuentzat kaltegarriak izan daitezkeen partikulak desagerraraziz. Horri dagokionez, Eraztun Berdea urtero aireari 9.564 tona kutsagarri desagerrarazteko gauza da, batez ere 2,5 mikratik beherako partikulak eta ozonoa. Ozonoa eta antzeko gasak kaltegarriak izan daitezke airean kontzentrazio handian agertuz gero.
Jariatzea
Jariatzea prezipitazio sendoen ondorioa da, lurra ez baita ur-kopuru guzti hori iragazteko gauza. Horrek ur kontinental eta ozeanikoen kutsadura eragin dezake, jariatutako urek suspentsioan dauden solidoak eramatearen bitartez.
Landareak gauza dira eroritako uraren zati handi bat jasotzeko, hartara urritu egiten dutelarik azaleko jariatzea. Txostenaren arabera, Eraztun Berde zuhaitz eta sastrakek urteko ia 25.700 m3-tan murrizten dute jariatzea: horrek agerian jartzen du Eraztun Berdeak fenomeno horiek ekiditeko duen funtzioa.
Eraztun Berdearen balioa
Eraztun Berdeko basoak egiturazko balioak eta balio funtzionalak ditu, biak ala biak onura ekonomiko handien eragileak. Egiturazko balioa Eraztun Berdearen basoen osaera eta biomasari dagozkien balio propioarekin lotzen da, eta balio funtzionala, aldiz, zuhaitzek burutzen dituzten funtzioei (esaterako, kutsagarrien desagerraraztea, karbonoa bahitzea edo jariatzea murriztea) dagokienarekin.
Sistema naturalei balio ekonomikoak lotzea oso konplexu eta arriskatua den arren, iTree-ECO softwareak 83,5 milioi euroko zenbatekoa kalkulatzen dio Eraztun Berdeko zuhaitzen funtzio ugarien egiturazko balioari. Karbono-biltegi gisa betetzen duten funtzioa 1,87 milioi eurotan kalkulatzen da, eta urteko 140.000 euroan atmosferako karbonoa finkatze-balioa. Gainera, kalkulatzen da urtero 48.900 € aurrezten direla eraztun Berdeko zuhaitzek ekidin duten jariatzeagatik, eta 1,3 milioi € kutsadura desagerrazten dutelako.
Horrek agerian uzten du aisialdi-leku, biodibertsitatearen babesa eta paisaiaren hobekuntzaz gain, Eraztun Berdeak baduela beste balorerik, hiriko ingurumen-kalitatea hobetzen baitu, aldi berean hiriari onura ekonomiko handiak eskaintzen dizkiolarik
Laburbilduz, Eraztun Berdeko zuhaitzek nabarmen laguntzen dute airearen kalitatea hobetzen, klimaren aldaketaren ondorioak urritzen, aireko kutsadura desagerrarazten eta berotegi-efektuko gasak bahitzen. Beraz, hura babestu eta zaintzea Gasteizko herritar zein bisitariei bizi-kalitatea ematen dien ondare naturala da.