CEAren 2012. urteko jardueren oroitza txostena
CEAk, udalaren beste erakunde eta sailekin elkarlanean, European Green Capital 2012 egitaraua diseinatu, koordinatu eta abian jartzeko ardura izan zuen, batez ere herritarrei zuzendutako atalean; beraz, CEAk 2012an egindako lanarean atal garrantzitsu bat osatu zuen ospakizun horri lotutako egitarauaren garapenak.
Bestalde, CEAk urtero gauzatzen dituen prestakuntza eta dibulgazio egitarauekin jarraitu zuen erakundeak kudeatzen dituen ekipamenduetan (Olarizuko etxaldea, Ataria, baratze ekologikoak...). Horiei hezkuntzarako baliabide berri bat gehitu behar zaie: Olarizuko lorategi botanikoa. Hainbat urtez lorategia egokitzen igaro ondoren, jendearentzako ireki da bai ikasleei bai herritar arruntei zuzendutako jarduera programa baten bitartez.
Era berean, 2012an bultzada handia eman zitzaien mugikortasunaren alorrean Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana abian jarri zenetik gauzatzen ari diren lanei. Bultzada horri esker, hianbat jarraipen txosten eta herritarrentzako kanpaina egin ziren eta, batez ere, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroa berriz aktibatu zen mugikortasun iraunkorraren alorreko etorkizuneko neurri eta ekimen berriak herritarren partaidetzarekin lantzeko asmoz.
2012an CEA Europa mailako proiektu berrietan hasi zen lanean: nabarmen daitezke IRRIGESTLIFE proiektua, ureztatze sistema adimendunak garatzeko asmoa duena, eta ICT4EVEU proiektua, ibilgailu elektrikoa mugikortasun iraunkorraren estrategietan integratu nahi duena.
Natura eta bioaniztasunaren kontserbazioaren alorrean Eraztun Berdea kudeatu eta kontserbatzeko ohiko lanekin jarraitu zen, eta hura hobetzeko eta osatzeko proiektu berriak idatzi eta exekutatu ziren. Egindako lanetako asko 250.000 zuhaitz eta zuhaixka landatzea xede duen "Biharko sustraiak" ekimenaren baitakoak dira. Era berean, bioaniztasunaren jarraipena egiteko ikerlanak egiten jarraitu zen, bai Eraztun Berdean bai udalerriko beste toki batzuetan.
Azkenik, bioaniztasunaren eta klima aldaketaren Europa mailako politikak jarraituz, CEA ekintza lerro berri batean hasi da lanean, "azpiegitura berdea" deiturikoa. Kontzeptu hori hiriaren esparruan aplikatuz, hiriko bioaniztasun indizeak eta, horrela, baita hiriaren bizigarritasuna ere, handitu nahi dira.