Berriro egingo da 'Airearen Zaindariak' izeneko herritarren zientziako kanpaina
Landareak 12 astez eduki beharko dira leiho edo balkoietan, aire zabalean. Ondoren, hosto-sorta bat moztu eta bidali beharko da lagin gisa, aztertu eta Espainian metal astunen bidezko kutsaduraren mapa osatzearren.
Zer da 'Airearen Zaindariak' programa?
Airearen kutsadurarekin lotutako parametroak kontrolatzeko ekipo profesionalak erabili ohi dira, datuak zehaztasun handiz hartzen dituztenak gero teknikariek azter ditzaten. 'Airearen Zaindariak' programak auzolanean aritzea proposatzen du, etxetik, lanlekutik, ikastetxeetatik, auzo elkarteetatik… Espainiako airearen kalitateari buruzko datu gehiago lortu nahi dira, metal astun esekiek sortutako kutsadura ikertuz.
Marrubi-landareak, airearekin zuzeneko kontaktuan daudelarik, ingurumen-kutsadura monitorizatzeko estazio bihurtzen dira. Izan ere, partikula eseki horiek hostoetan metatzen dira eta, gero, teknika biomagnetikoak aplikatuz, zein konposatu den identifikatu daiteke. Azterlan metatua eginez, Espainiako airean kutsatzaile zehatz batzuen kontzentrazioa zenbatekoa den jakin ahalko da.
Aurretik egindako azterlanek erakutsi dute metal astunen kontzentrazioak korrelazio handia duela trafikoaren bolumenarekin zein beste eragile batzuekin (trenak edo tranbiak), eta horren ebidentzia lortzen jarraitu nahi dugu.
Lorontziarekin batera, parte-hartzaileek horiek non jarri eta nola zaindu jakiteko jarraibideak jasoko dituzte, baita lorontzia erregistratzeko formularioaren esteka ere; landarea jasotzen duen unean bete ahalko du hori, eta zaintzako 12 asteetan proiektuaren inguruan sortzen diren berrikuntzak, aholkuak eta albisteak eskuratu ahalko ditu. Garrantzitsua da parte-hartzaileek lorontzia hasieran erregistratzea, proiektuaz arduratzen den taldeak partaide guztiei laguntzerik izan dezan.
Abenduaren 16tik 23ra bitarteko astean hartu eta bidaliko dira laginak. Horretarako, landarearen hosto-sorta bat antolatzaileek emandako gutun-azalaren barruan sartu eta bidaliko da, azken formularioarekin batera —online edo paperean beteta—; zaintzen aritutako asteetan landarea nola egon den azalduko da bertan.