50 familiak hartuko dute parte Etxe Berdeak programaren laugarren edizioan
Beren etxebizitzek ingurumenean duten eraginaz kezkatuta dauden familiek martxoaren 4ra arte eman ahalko dute izena hezkuntza-programa horretan; otsailaren 8an aurkezpena egingo da Kordoi Etxean
Gasteizko Udalak ‘Etxe Berdeak’ programaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioareekiko lankidetzan eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. “Ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen dugu, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen dugu“, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta CEAren lehendakari Iñaki Prusillak. “Parte hartzen duten familien interesari esker sendotu da ekimena”, nabarmendu du zinegotziak.
Iñaki Prusillak zehaztu duenez, 2018an 50 familiak parte hartu ahalko dute programan, azken edizioetan bezala. “Heziketa da helburu nagusia. Herritarrak konprometituagoak eta inplikatutagoak izatea nahi dugu, eta beren ekintzen eraginaz kontzienteagoak”, azaldu du. ‘Etxe Berdeak’ programa 2015ean sortu zen, eta urte hartan 25 familiak hartu zuten parte.
Vital Fundazioaren zuzendari Josune Albizuk, berriz, esan du: “Vital fundazioak hamasei urte daramatza ingurumen arazoekiko eta hiri inguruneen iraunkortasunarekiko erantzukizun kolektiboa indartzearen alde egiten, eta herritarren parte-hartzea eta prestakuntza sustatzen, CEArekin harreman estua baitugu. Lankidetza horren adibide dira erakusketak, hitzaldiak, mendi-ibilerak, landaketa programak edo adinekoentzako jarduerak“.
Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako sei lantegi (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Aurteetan parte hartu zuten familien jarraipena ere egingo da.
Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan; posta elektronikoz (cea@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz ere (945 161616, 4950 luzapena) eman daiteke izena. Otsailaren 8an, aurkezpen jardunaldi irekia egingo da, Kordoi Etxean, 19:00etan.