Albistea

2017an 77 pertsonak hartu zuten parte Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarearen barruan

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu eta Ataria interpretazio zentroak gidatzen duen Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sareak oso emaitza onak izaten jarraitzen du, bai parte-hartzeari bai lortutako datuei dagokienez. Orotara sei kontserbazio-programa daude martxan -azkena, lurzoru-kontserbazioari buruzkoa, maiatzean abiatu zen- eta CEAren teknikarien ustez, balioespena “bikaina” da. 2017an guztira 77 pertsonak hartu zuten parte taxon biologiko hauen laginak hartzen: orkideak, odonatuak, hegaztiak, eguneko tximeletak eta tximeleta gautarrak. Aipatzekoa da parte-hartzaileen fideltasuna, batez beste % 94koa baita. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Prusillaren hitzetan, “Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarean dabiltzanen konpromisoa oso handia da”.

Odonatuen Kontserbazio Programan 17 pertsona aritu dira, eta 159 lagin hartu dituzte, 26 lekutan. Olarizuko lorategi botanikoan antzeman da espezie gehien, 21, zehazki. Salburuan eta Gasteiz hiribideko errekan ere gero eta espezie gehiago dago. Anax imperator eta Sympetrum fonscolombii dira espezie ohikoenak; orobat, nabarmentzekoa da Trithemis annulata eta Trithemis kirbyi espezieen presentzia, berez Afrikakoak baitira.

Orkideak Kontserbatzeko Programari dagokionez, aipatu beharra dago lehen aldiz Himathoglossum hircinum bat antzeman dela Salburuan, Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoan sartutako orkidea babestua baita. Orain arte, udalerriko 15 herritan aurkitu da, eta Eraztun Berdeko parke guztietan. Aurten topatutako beste espezie arraro batzuk Ophrys riojana eta Epipactis campeadori dira; horretaz gain, Orchis italica (kalteberatzat jotakoa) eta Orchis provincialis espezieen populazio berriak aurkitu dira.

2017an, herritarrek 94 taxon identifikatu dituzte Eguneko Tximeleten Kontserbazio Programan, eta leku hauetan antzeman da aberastasun handiena: Armentia (75 taxon), Zabalgana (54), Mendizabala-Batan (26) eta Alegriaren korridorea (26). Orain arte, Euskal Herrian identifikatutako 152 espezieen % 65,1 identifikatu da, eta Gasteizko udalerrian inbentarioan jasotako 135 espezieen % 73,3. Espezieei dagokienez, aurten hainbat gehitu dizkiogu zerrendari: Erynnis tages, Hamearis lucina, Lasiommata maera, Pyrgus armoricanus, Pyrgus carthami eta Satyrium acaciae. Pararge aegeria, Pieris brassicae eta Polyommatus icarus dira ugarienak.

Tximeleta Gautarren Kontserbazio Programa: Kuantitatiboki programak oso kopuru handiak izan ohi ditu, parte-hartzaileen ahalegin etengabeari esker (% 100eko fideltasuna duten 9 pertsona). 415 taxon zenbatu dira, eta 4524 ale identifikatu. Nabarmengarriena Proserpinus proserpina tximeletaren bi ikustaldiak dira, Espainian Babes Erregimen Berezia duten Espezie Basatien Zerrendan baitago, Habitat zuzentarauaren II. eranskinean eta Bernako hitzarmenaren IV. eranskinean. Hiru espezie hauek dira ohikoenak: Agrotis exclamationis, Xestia xanthographa eta Mythimna albipuncta.

Hiri hegaztien Kontserbazio Programa: 2017an 18 pertsonak hartu dute parte, eta 120 lekutan hartu dira laginak. Orotara 60 hegazti espezie antzeman dira. Ugarienak txolarreak, sorbeltzak eta usoak dira. Horien populazioek, baita amilotx urdinarenak eta arabazozoarenak ere, hazteko joera handia erakusten dute.

Gaueko tximeleta bat

Interesa dakizuke