Salburua se renueva
Azken hilabeetan Salburura gerturatu direnek Betoñuko eta Arkautiko urmaelak erabat lehorturik daudela ikusi ahal izan dute. Egoera hori ez da bakarrik euririk egin ez duelako, baizik eta CEAk urmaeletan burutu dituen mantentze-lanetarako horiek hustea beharrezkoa zelako. Abuztua eta urria bitartean Betoñuko eta Arkautiko urmaeletako lurzoruaren azaleko geruza kendu dute Udaleko langileek. 15 edo 20 urtean behin nahitaez egin beharreko lana da hori, urmaelen hondoan metaturiko materia organikoa kendu eta urmaelek modu zuzenean funtziona dezaten. Ateratako sedimentuen zati bat irla batzuk eraikitzeko erabili da, faunarentzat babesleku eta habiak jartzeko leku gisa oso garrantzitsuak izango direnak. Lan horiek amaitu ostean, urmaeletako isurbideak itxi egin dira eta dagoeneko ari dira udazkeneko euriak jasotzen. Garai honetan ohi den beste euri eginez gero, laster urmaelak urez beterik egongo dira.
Egindako beste lan batzuk honako hauek dira: lezkadietan, belardi-ihidietan eta beste landaredi batzuetan sastrakak moztea eta kentzea; eta aurtengo haize indartsuek Betoñuko urmaelean botatako makalak kentzea. Makaldi hori, lehorturiko urmael barruan 70eko hamarkadan landatua, harizti autoktono batez ordezkatzen ari da. Uhalde-enararentzat habi artifizialak jartzeko Atariaren ingurunean gune bat egokitzea izan da egin den beste jarduera bat. Datorren udaberrian okupatuko dituzte habiak.
Azkenik, parkeko bideetan ere hobekuntzak egin dira. Lanak direla eta, ibilbide batzuk ixteak erabiltzaileei eragozpenak sortu dizkie. Halere, Arkauti aldean uztailean amaitu ziren lan horiek, eta Betoñu aldean urrian amaituko dituzte.